Etorri aurretik

Lehen aldiz patinatuko dut izotzetan. Zer behar dut?

Izotz gainean patinatzea erraza bezain dibertigarria da, baina, ahalik eta gehien gozatzeko, ezinbestekoa da arropa egokia janztea, bai eta gomendio sinple hauei jarraitzea ere. Izotz-pista batera lehenengoz zoaztenontzako zenbait aholku prestatu ditugu, zuen estreinako aldia esperientzia %100 atsegingarria izan dadin:

Arropa

Derrigorrezkoa da eskularruak erabiltzea; izan ere, erortzea saihestezina da, eta eskuek lagunduko digute erori ondoren berriz ere zutik jartzen. Era berean, gomendagarria da txanoa eta lepo-berogarria janztea. Gogoan izan behar dugu kirol-jarduera bat egingo dugula, eta, beraz, gure gorputzak ohikoa baino bero gehiago askatuko duela. Horrek esan nahi du ez dugula arropa gehiegi jantzi behar, baina, hala ere, hotzetik babestuta egon behar dugu. Onena kirola egiteko arropa janztea da, eta beti mahuka luzekoa, mugitzeko erraztasuna ez ezik, beroa ere emango baitigu; izan ere, pistako giro-tenperatura 10-15º zentigrado ingurukoa da. Arrazoi horrexegatik saihestu behar da gona edo praka laburrekin joatea, izotza uki dezakeen gure gorputzeko atal oro babestuta egon behar baita. Beste gomendio bat galtzerdi luzeak janztea da, irristailuak erosoago izango baititugu horrela.

Bukatzeko, ez ahaztu argazki-kamera eramatea, zure lagunekin patinatuz egun zoragarria igarotzen duzun bitartean argazkiak atera, eta horiek zure sare sozialik gustukoenean argitaratzeko.

Irristailuak estutu

Pistan hobeto irristatzeko, ezinbestekoa da irristailuak gure oinetan ondo estututa egotea, bestela, ez baitzaizkigu ondo lotuko oinera. Horrenbestez, ondo lotu behar dira, orkatila botatik atera ez dadin.

Zalantzaren bat baldin baduzu, galdetu irristailuak alokatzen dizkizunari, eta, jakina, nahi baduzu, zure irristailuak erabil ditzakezu, alokatu ordez.

Lehenengo urratsak

Has zaitez patinatzen hanka-puntak bereizita dituzula, eta orekari hobeto eusteko, tolestu belaunak eta orkatilak, orpoetan gorputzaren pisu guztia jartzeko moduan. Estreinako aldian, aurrez irristatu duen norbaitekin joaterik baduzu, askoz hobeto, baina, bestela, beti jo dezakezu monitoreengana laguntza eske. Gogoan izan beti antolatzaileek jarritako norabideari jarraitu behar diozula.

Erorketak

Aurrez esan dugun bezala, erortzea saihestezina da ikasketa-prozesu orotan; beraz, lurrean gaudenean, komeni da zenbait aholku gogoan izatea. Inoiz ez gara zutik jarriko bi xaflak izotzetan jarrita dituzula, izan ere, era horretan, aurrerantz irrist egin dezakegu, eta, beraz, berriz ere eroriko gara ziur aski. Tentagarria bada ere, ez da gomendatzen norbaiti eskutik helduta ibiltzea lehenengo urratsetan, eroriz gero, beste pertsona lurrera botatzea besterik ez baitugu lortuko.

Izotzetan patinatzen ikasteko denbora behar da, baina ikusiko duzue nola hartzen diozuen neurria berehala. Oso erraza eta dibertigarria da! Udazken eta negu honetan, esperientzia hau probatzera animatu nahi zaituztegu.

Contact Us

We're not around right now. But you can send us an email and we'll get back to you, asap.

Start typing and press Enter to search